2014(e)ko urriaren 11(a), larunbata

MUSIKOTERAPIA


Hezkuntzan, musika gutxietsia izan da. Izan ere, betidanik matematikak eta honelako ikasgaiei garrantzia gehiago eman zaie, eta aintzat hartzekoa da musikaren bidez ikasi beharrekoa errazago irakatsi daitekeela. Hain zuzen ere, guk musika oso gustukoa dugu eta honen bidez eramangarriagoa izan da gai batzuk ikastea. Gainera, momentu zailetan oso lagungarria izan zaigu eta horregatik esan daiteke bizitza askotan baldintzatu duela. Honenbestez, gure bizitzetan hain garrantzitsua dena irakaskuntzan aplikatu ahal izateko metodo bat aurkitzea biziki interesgarria delakoan gaude.Hezkuntza eta musikaren arteko lotura bultzatzen duten metodoen bilaketan, egun hezkuntza berezian aplikatzen diren jarduerak biziki harritu gaituzte.

Hasteko, frogatuta dago pertsonon maitasun edo zaletasun musikalak bakoitzaren nortasunaren eta izateko erari buruzko informazioa eskaintzen duela. Hau horrela izanik, umeekin musikarekin lotuta dauden jarduerak gauzatuz (musikoterapiaren bidez) asko ikasi dezakegu haien jokatzeko moduaz eta izateko eraz eta hori oso lagungarria izan daiteke umea lotsatia eta itxia baldin bada.

Jarraian, musikoterapia izeneko metodoa zertan datzan azalduko dugu. Hain zuzen, terapia honetarako oso garrantzitsuak diren hiru irizpideak E.Thayer Gastonek garatu zituen:

1.- Pertsonen arteko harremanak sendotzea: Irizpide honek dio musikaren bidez taldean gauzatzen diren jarduerak oso lagungarriak izan daitezkeela umeen arteko harremanak sendotzeko. Izan ere, ekintza honetan umeek ahozko komunikazioa alde batera utzi eta haien emozioen eta mugimenduen bidez adierazi behar dute esan nahi dutena.

2-Autoestimua igotzea edo mantentzea: Umeak hasiera batean zaila egiten zaion arazo bat gainditu behar du; esaterako, instrumentu bat jo ahal izatea, kantatzen ikastea, dantza bat zuzen egitea,...

3- Erritmoaz baliatzea energia lortu eta gorputz atalak koordinatzeko: Erritmoa ordena batean eramanez, umeak ahozko komunikazioa eta pertsonalitatea sendotu eta garatu ditzake. Gaixotasun psikikoak dituztenek ere onurak lortu ditzakete honelako metodo hau erabiliz.





Hau aplikatu ahal izateko, umeekin hainbat jarduera egingo ditugu hain interesgarria iruditu zaigun musikoterapiaren metodoa erabiliz:

1- Lehenengo jarduera honetan, ume bakoitzari txartel bat emango zaio, bertan egiteko bat idatzia duelarik. Ondoren umeak hitz egin gabe eta musikaren bidez egiteko hori zein den interpretatu beharko die besteei. Adibidez, umeak medikua dela erakutsi behar die besteei, hauek zer den asmatu ahal izateko.

2- Jarduera honetan, umeek talde bat osatuz, koreografia edo dantza bat prestatu beharko dute eta denen artean zuzen egitea lortu.

3- Umeek perkusiozko instrumentu bana hartuz, guk jarritako erritmoa jarraitu beharko dute.

Horrenbestez, gai hau aukeratzearen arrazoia musikaren bidez umeek duten zukua ateratzea izan da. Izan ere, jarduera hauekin guztiekin gauza asko ikasi ahalko dituzte; hots, haien gelakideekin duten harremana sendotuko dute, ume bakoitzaren jokatzeko era zein den ikusiko dute eta horrez gain, autoestimua igo edo mantenduko dute lehen aipatutako jardueren bidez. Esan beharra daukagu, interneten honako orrialde honetan musikoterapia hezkuntza bereziarekin lotzen duela soilik, eta guk edozein umerekin gauzatu nahiko genituzkeela joko berezi hauek.

IRAKASLE ONARI ELKARRIZKETA: "MERTXE"

Irakasle miresgarri bati elkarrizketa bat egin behar geniola esan zigutenean, ez nuen zalantzarik izan irakasle hori aukeratzeko. Nire aukera Mertxe izan zen. Mertxek lehen hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailak eman zizkidan, Tolosakoa den arren, Berrobiko eskolan eta asko ikasi nuen bere eskuetatik umeei asko laguntzen baitie. Esan beharra dago Mertxek irakasle gogorraren eta zorrotzaren fama zuela eta berak onartu zidan irakasteko era ez zela aldatu lehendik orainera.

Beste alde batetik, Mertxe aukeratu nuen klaseak emateko moduarengatik, hau da, berak lan-taldeak bultzatzen zituen eta lan guztiak taldeka egiten genituen bere ustez askoz gehiago ikasten delako horrela eta gustuko duelako elkarlanean lanean ikustea.

Banekien lan-taldeetan ume bat beste batekin sartu ezkero iseka eginez, Mertxe oso sutsu jartzen zela eta galdetu egin nion ea zerk molestatzen nion gehien barre egiteko. Pentsatzeko denborarik gabe erantzun zidan: “ume bat beste batekin sartzen denean ezin dut jasan, eta hor zuk dakizun mala letxe hori irteten zait”.
Buruan geratu zitzaidana ordea, berak ez dakiela dena eta batzuetan gai baten inguruan ikasleek baino gutxiago dakiela esan zidanean da ( batzuetan gai bat hartzen baitu sekula eman ez duena eta ikasleekin jartzen da informazio bila) eta ikasteko gogoarekin egoten dela oraindik ere. Ume bakoitzaren arazoak kontuan eduki behar direla ere esan zidan, horrek ikasleen ikasteko modua aldatzen baitu.
Amaitzeko, lehen asko miresten banuen ere, konturatu nahiz elkarrizketa onen bitartez oraindik gehiago miresten dudala eta magisteritza ikasi eta etorkizunean umeei irakasteko gogoak jarri zaizkit hauei laguntzeko prest bainago.

2014(e)ko urriaren 10(a), ostirala

HEZKUNTZAREN GARRANTZIA EUSKAL KONZIENTZIAN



2001ean , Baiona Angelu Miarritz gune metropoliarrean biztanleriaren %8,8a elebidun aktiboa zen eta beste % 8,3 elebidun pasiboa. Elebidun hoiek ikastoletatik atera direla pentsa dezakegu. Gaur egun Baionak 27 eskola publiko (4 elebidunak) eta 9 eskola pribatu ditu , hoietarik 2 ikastolak direnak. Guztira 4150 ikasle, Baionako ikastoletan direnak 233 , hau da, % 5.6.


Lorea Agirre antropologoaren arabera ,"Gaur egun euskaldun izatea ez da berezkotasunez ematen, eraikuntza kontziente bat da, aukera kontziente bat, besteak beste eten zulo eta errebueltaz jositako ginkana baten antza duelako euskaraz bizitzeak”. Horrela , eguneroko bizian euskaraz bizitzea norberaren erabaki bat bezala ikusten du eta beretzat konzientzia hori lortzeko bide nagusietako bat transmisioa da. Bere iritziz “ transmititzea ezagutzea da eta ezagutzea kontziente izatea”.

Hezkuntzak beraz paper garrantzitsu bat jokatuko luke euskaldunak eraikitzerako orduan, hau da, euskaraz bizitzeko konzientzia eta nahikeria sortzerako orduan.
Martinez de Lunak landutako erabileran eragiten duten faktoreak deituriko eskema honetan euskararen erabilera bultzatuko luketeen 3 faktoreak ageri dira. Honek erran nahi du faktoreetako bat hobetuz gero euskararen erabilera hobetuko dela eta berdin alderantziz.
Taula honen bidez, ohartzen gara gaur egungo Euskal Herriko gazteak eskolatik urruntzen diren heinean haien euskararen erabilera txikitzen doala. Hori ageriagoa da Baiona bezalako hiri batean kanpoko jarduera ia gehienak (guziak ez bada) frantsesez egiten direlako.


Horren aurrean Ikastolek , AEK ak eta euskal eragileek euskara sustatzeko lan haundia egiten dute. Adibide gisa BAIona egitasmoak , euskara sustatu nahi duten 30 denda identifikatu ditu pegatina batzuen bidez eta haur zein helduentzako jarduera kulturalak antolatu ditu hiria euskaldundu nahiean. Izan ere, lehen ikusi dugun bezala inguruneak anitz eragiten du haurraren euskararen erabileran. Libe Goñi Seaskako lehen irakasleak azpimarratu bezala, oso garrantzitsua da haurrak horrelako jardueretara bideratzea haien hizkuntza erabilgarria dela konturatu daitezen.


Guk horren aintzinean, gazte gisa holako jarduerak antolatu eta sustatzeko engaiamendua hartuko genuke bakoitza bere herrian zerbait aporta dezakeela pentsatzen baitugu izan dantza irakasle edo gazte asanbladarekin burutako altxorraren bila jokoak. Etorkizuneko irakasle bezala, euskararen erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta lantzen saiatuko gira bereziki gureak bezalako herrietan.


Informazio gehiena internet bidez aurkitu dugu , Lorea Agirreren elkarrizketa eta euskara hezkuntzan sustatzeko planaren txostenak besteak beste baina gure ezagutza eta esperientzietan oinarritu gira baita ere. Izan ere, gai honek barne barnetik hunkitzen gaitu eta gaur egun ikastolan diren haurrek eta pasako diren haurrek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahiko ginuke euskaraz bizitzea borroka bat izan ez dadin.

Taldeari biziki interesgarria iruditu zaio gure gaia , beraiek ere euskararekiko lotura sendoa daukatelako. Horregatik Baionako datuak ikustean harritu egin dira eta beraiek ere egoera aldatzeko arrangura agertu dute.

2014(e)ko urriaren 9(a), osteguna

Joxe Goikoetxea “BIZITZAK HARRAPATUTA NAUKA”


Ez nuen zalantzarik izan niretzat miresgarria izan den irakasle bati elkarrizketa egiteko aukera izan nuenean. Irakasle asko igaro dira nire begien aurretik orain arte, baina dudarik gabe oso gutxi batzuek lortu dute nire atentzioa bereganatzea eta ni ikasgelan gustura egotea, horietako bat da Joxe, Idiazabalgo eskolako irakaslea. Natura eta euskararen bultzatzaile sutsu honek ez zuen ikasgai bakar bat soilik irakasten, baina agian bere ikasgai horietako bat gorputz hezkuntza izateak asko lagundu dit nire aukeraketan, garai haietan eta gaur egun ere kirola egitea oso maitea baitut.

Igande goiz hartan, esan dezaket gozatu egin nuela jada jubilatua den, baina inoiz baino aktiboago jarraitzen duen irakasle zoriontsuari entzuten, bere hitzetan “bizitzak harrapatua nauka Iñigo” eta “bizitza zukutu egin behar da” bezalakoak entzunez liluratuta utzi ninduen. Joxe egunero joaten zen Beasaindik Idiazabala bere txirrinduaren gainean, bere ustez “naturaren zoko-mokoak” egunero ikusteak ez omen du preziorik.

Irakasle onak zer behar duen galdetu nionean, dudarik gabe gakoa ilusioa eta egiten dena gogo handiz egitean dagoela esaten zidan, azkenean ikasleentzat erreferente bat zarelako eta ispilua izango bazina bezala zuk egiten duzun guztian erreparatuko dutelako.

Zaila da bere etxean konfiantza eta laguntasun handiz hartu ninduen irakasle honekin goiz hartan ikasi eta sentitu nituen gauza guztiak idatziz kontatzea. Egia esateko, irakasle izateko gogo handiak jarri zitzaizkidan honelako zoriontasunez hitz egiten zidanak, hainbeste gora bera igaro dituen irakasleak, bere bizitza guztiz positiboa izan dela kontatzen zidanean. Horregatik, hemendik aurrera oso baliagarria egingo zaidala pentsatzen dut irakasle miresgarri honekin elkarrizketa zoragarri hau egin izana.

IRAKASLE IZATEAZ … IRAKASLE ON BATI ELKARRIZKETA “Koro Murua”

Niretzako miresgarria izan den irakasle bati elkarrizketa egin behar niola entzutean, segituan bigarren zikloan (hirugarren eta laugarren mailan) izan nuen irakaslea etorri zitzaidan burura ,Koro. Izan ere, pertsona honekin ikasi nuena ez zait inoiz ahaztuko. Beharbada, gehiegikeria hutsa irudituko zaizue, baina emakume honek lehen hezkuntzan landu behar ziren trebetasunaz aparte, gure gizartean oinarrizkoak diren baloreak erakutsi zizkidan. Bizitza honetan ausartak izan behar dugula da horietako bat. Adibide gisa, gogoan dut seigarren mailako eskola kiroletan, neskok ezin genuela futbol zortzian jokatu, eta guk futbolean aritu nahi genuela. Horren aurrean, Kororen laguntzaz eskutitz bat idatzi eta diputaziora bidali genuen. Harrez geroztik, futbol zortzian jokatzeko eskubidea lortu ez ezik, berdintasunerako urrats txiki bat ere eman genuen, eta hamar urteko ume mokoak izanik, eskubide hori lortzeak asko suposatu zuen (eta suposatzen du) niretzat.

Bizipen hori alde batera utzita, esan beharra daukat oso gustura sentitu nintzela berarekin hizketan eta esperientzia honekin irakasle izateari buruz gauza asko ikasi ditudala ere bai. Esate baterako, Korok umeekin bizi izan dituen egoera zail asko azaldu zizkidan; ondoren, horietatik nola atera den azalduz, noski. Hortaz, jaso nuen informazio hori nire etorkizunean baliogarria izango delakoan nago. Ildo beretik, pazientzia hitza behin eta berriro errepikatu zuen eta oso garbi esan zidan irakasle baten lana ez dela bat ere erraza. Bere esanetan, ume guztiak desberdinak dira eta ume bakoitzaren atzean hamaika arazo eta istorio daude. Hortaz, irakasle zein gelakideak elkar ezagutzea oso garrantzitsua da elkarrekin modu apropos batean lan egiteko.

Horrez gain, eman zidan erantzun bat izugarri gustatu zitzaidan. Korori ea zein izan den irakasle gisa bizitako esperientziarik politena galdetzean, bi erantzun eman zizkidan eta horietako bat honako hau izan zen: “Begira Alba, gauzarik polittenetariko bat da egunero egunero nere ikasle ohiak kaletik topatzen dittutenean jasotzen detena”. Hau entzutean, niri ere, egunen batean irakasle izatera heltzen banaiz, horrelako zerbait esan ahal izatea asko gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen.

Argi dago,bada, lan honekin irakasle izatearen ikuspegi zabalagoa jaso dudala. Hain zuzen, nik miresten dudan irakasle honek azaldu zizkidan istorio guztiekin ,ume askok, etxean zein kalean tragedia hutsak bizi izan dituztela ikusi dut, eta hori horrela izanda, ume horiei hezkuntzaz aparte maitasuna ere eman behar zaiela barneratu dut. Beti ere, nire helburua ikasleei ahal dudan zuku guztia ateratzea helburu izanik.

2014(e)ko urriaren 7(a), asteartea

LIBE DA.


                                                                     
" Zuek ez duzue sekula Libe ukanen, erretretara doa" erraten ziguten harro gu baino urtebete zaharragoek ikastolan. Libe, denek izan nahi genuen bere ikasle, baina denak ez ginen izan. Batzuk ondoko gelatik entzuten ziren kantuekin eta aire-hartzeetan egiten genituen joko eta dantzekin konformatu behar izan ginen. Lizeora iritsi eta, ikasgelako leihoetatik han ikusten nuen ikastolako haurrak liburutegira laguntzen, berak lanbidea aspaldi utzi bazuen ere. 
Beti begiratu diot miresmenez Liberi, Seaskako lehen irakasle horri, gure ikastolako mito horri. 
Horregatik, ez nuen zalantza handirik egin irakaslea aukeratzeko orduan. Agian gaur egungo pedagogiaz eta hezkuntzaz gutti jakinen du baina nik euskaraz ikasteko aukera izatearen arrazoietako bat da eta jakin min handiz hurbildu nintzen bere etxera igande goizean. 
Mahai borobilean jarri eta segituan etxean bezala sentitu nintzen, lasai eta konfiantzan. Bera, hasieran berari buruz hitzegitea kostatu arren denbora joan ahala askatuz joan zen , nere gozamenerako. 
Berak ikasketak egin zituen garaiak eta gure garaiak eztira batere berdinak eta asko ikasi nuen garaiko euskararen eta euskal hezkuntzaren inguruan. Harrigarria iruditu zitzaidan ikustea  ihesean egonda ere bere euskararekiko atsikimenduak nola eraman zuen "bonne à tout faire" (ona denetan) titulu batekin Seaskako lehen irakasle izatera.  Bere bizitzako 40 urte eman dizkio irakaskuntzari ,"haurrak zaindu eta maitatu" behar direla aldarrikatuz "kantuekin eta dantzarekin norbait direla ohar daitezen". 
Elkarrizketa bukatu zenean, grabagailua itzalirik, gaur egun Baionan hilabetean behin euskaraz kantatu dantzatu eta bizitzeko gune bat egin behar zela erran zidan. Hasia da jada ariak mugitzen, euskal dantzak alde batetik, Baionako gazteak bestetik... Laguntza eskatu eta emanen niola erantzun nion pozik, Libe zergaitik miresten nuen berriz ere gogoraturik. Libe ez da irakasle bat bakarrik Libe euskararen aldeko militantea da, euskaratik eta euskaraz hezi eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu ez ezik, gauzatzeko urratsak egiten dituen emaztea. Lehen ez nekien baina orain badakit zergatik miresten dudan .


2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

Debekatutako Hezkuntza



SARRERA

Bideo interesgarri honen bidez gaur egungo hezkuntza sistemari egundoko kritika egiten zaio. Bertan ikasleak gizartearen erreminta balira bezala erabiltzen dituztela argudiatzen dute eta proposamenak ematen dituzte jada ezarritako sistema okerrari irtenbide bat emateko.Horrez gain, gehiengo ikasleen egoerari erreparatuz gero, argi ikus dezakegu bideoan nolabaiteko alienazioa pairatzen dutela.Izan ere, ikasle guztiak deshumanizatuta daudela eta robotak sortu nahi dituztela ematen du denak modu berean heziz eta bakoitzaren pentsamendu eta nahiei jaramonik egin gabe.




GURE IRITZIA

Bideoa aberasgarria iruditu zaigu, gaur egungo hezkuntza ereduarekiko begiak gehiago irekitzen lagundu digulako bere ahulezia guztiak azpimarratuz. Hala nola, ikasteko metodo zaharkituak eta irakaslearen funtzioa ikasgelan (klaseak ematera mugatzen dena adibidez) besteak beste. Hala ere, gure iritziz gaur egungo eskola ereduak baditu bere alde onak bideo honetan aipatuak ez direnak. Izan ere, ikuspuntu bat soilik ageri da, sistemaren kontrakoa hain zuzen. Ezin dezakegu uka, gaur egun ditugun oinarri batzuk (irakurtzea, idaztea) eskola eredu horretatik ikasi ditugula. Horregatik uste dugu bi ikuspuntuak agerraraziz bideoa osoagoa litzatekeela, nahiz eta helburua sistema kritikatzea izan.



BIDEOARI KRITIKAK

Bideo arrakastatsua izan arren, eragile anitzen partetik kritika gogorrak jaso ditu.

Eskola publikoarena da horietako bat, izan ere bere kontrako irain bat bezala ikusi du dokumental hau. Artikulu honen arabera, eskola publikoaren irudi atzerakoia gehiegizkoa da eta estatuari arrazoi gabeko kritika egiten dio, biztanleen alfabetatze eta hezkuntza eskubideari doazkion aurrera pausoak kontutan hartu gabe. Horrez gain, bideoan proposatzen diren hezkuntza ereduak indibidualistak direla diote eta estatu mailan ezin aplikatuak. Horrek, gutxi batzuentzako soilik izango litzatekeen hezkuntza suposatuko luke. Guk horren aurrean eskola publikoak kontutan hartuz bideoan proposaturiko aterabideak lantzea egokia litzatekeela pentsatzen dugu.




Bideoaren kritikekin jarraituz eta bideoari kritika egiten dion beste ikuspegi bat aztertuz, esan daiteke modu zorrotzegian gaitzesten duela irakasleen lana. Izan ere, irakasleek goi karguetan daudenen agindupean egiten dute lan . Horregatik, irakasleak kritikatzeari utzi eta hezkuntza sistemari egin beharko lioke kontra soilik. Adibide gisa, badira notak alde batera utzi eta bai umeen egoera pertsonalaz, bai umeen benetako beharrak asetzeaz arduratzen diren irakasleak. Beste aldetik, agerian uzteko modukoa da bideoak eskaintzen duen tesiaren kontrako argudio eza. Hain zuzen ere, bideo osoan ez da azaltzen hezkuntza sistema honek ekarri dituen onurei buruzko iritzirik. Hori horrela izanik, ondo legoke bideoak ikuspuntu ezberdinak aurkeztu , ideiak eztabaidatzeko aukera eman eta ondoren ikusleoi gure ondorioak ateratzen uztea. Aitzitik, argi dago bideo honek oso modu egokian adierazten duela egungo hezkuntzak dituen gabeziak. Bere horretan, zaila da bideoak defendatzen dituen ideiekin bat ez etortzea baina gure iritziz, informazioa modu partzialagoan aurkeztu beharko luke.