2014(e)ko urriaren 5(a), igandea

Debekatutako Hezkuntza



SARRERA

Bideo interesgarri honen bidez gaur egungo hezkuntza sistemari egundoko kritika egiten zaio. Bertan ikasleak gizartearen erreminta balira bezala erabiltzen dituztela argudiatzen dute eta proposamenak ematen dituzte jada ezarritako sistema okerrari irtenbide bat emateko.Horrez gain, gehiengo ikasleen egoerari erreparatuz gero, argi ikus dezakegu bideoan nolabaiteko alienazioa pairatzen dutela.Izan ere, ikasle guztiak deshumanizatuta daudela eta robotak sortu nahi dituztela ematen du denak modu berean heziz eta bakoitzaren pentsamendu eta nahiei jaramonik egin gabe.




GURE IRITZIA

Bideoa aberasgarria iruditu zaigu, gaur egungo hezkuntza ereduarekiko begiak gehiago irekitzen lagundu digulako bere ahulezia guztiak azpimarratuz. Hala nola, ikasteko metodo zaharkituak eta irakaslearen funtzioa ikasgelan (klaseak ematera mugatzen dena adibidez) besteak beste. Hala ere, gure iritziz gaur egungo eskola ereduak baditu bere alde onak bideo honetan aipatuak ez direnak. Izan ere, ikuspuntu bat soilik ageri da, sistemaren kontrakoa hain zuzen. Ezin dezakegu uka, gaur egun ditugun oinarri batzuk (irakurtzea, idaztea) eskola eredu horretatik ikasi ditugula. Horregatik uste dugu bi ikuspuntuak agerraraziz bideoa osoagoa litzatekeela, nahiz eta helburua sistema kritikatzea izan.



BIDEOARI KRITIKAK

Bideo arrakastatsua izan arren, eragile anitzen partetik kritika gogorrak jaso ditu.

Eskola publikoarena da horietako bat, izan ere bere kontrako irain bat bezala ikusi du dokumental hau. Artikulu honen arabera, eskola publikoaren irudi atzerakoia gehiegizkoa da eta estatuari arrazoi gabeko kritika egiten dio, biztanleen alfabetatze eta hezkuntza eskubideari doazkion aurrera pausoak kontutan hartu gabe. Horrez gain, bideoan proposatzen diren hezkuntza ereduak indibidualistak direla diote eta estatu mailan ezin aplikatuak. Horrek, gutxi batzuentzako soilik izango litzatekeen hezkuntza suposatuko luke. Guk horren aurrean eskola publikoak kontutan hartuz bideoan proposaturiko aterabideak lantzea egokia litzatekeela pentsatzen dugu.




Bideoaren kritikekin jarraituz eta bideoari kritika egiten dion beste ikuspegi bat aztertuz, esan daiteke modu zorrotzegian gaitzesten duela irakasleen lana. Izan ere, irakasleek goi karguetan daudenen agindupean egiten dute lan . Horregatik, irakasleak kritikatzeari utzi eta hezkuntza sistemari egin beharko lioke kontra soilik. Adibide gisa, badira notak alde batera utzi eta bai umeen egoera pertsonalaz, bai umeen benetako beharrak asetzeaz arduratzen diren irakasleak. Beste aldetik, agerian uzteko modukoa da bideoak eskaintzen duen tesiaren kontrako argudio eza. Hain zuzen ere, bideo osoan ez da azaltzen hezkuntza sistema honek ekarri dituen onurei buruzko iritzirik. Hori horrela izanik, ondo legoke bideoak ikuspuntu ezberdinak aurkeztu , ideiak eztabaidatzeko aukera eman eta ondoren ikusleoi gure ondorioak ateratzen uztea. Aitzitik, argi dago bideo honek oso modu egokian adierazten duela egungo hezkuntzak dituen gabeziak. Bere horretan, zaila da bideoak defendatzen dituen ideiekin bat ez etortzea baina gure iritziz, informazioa modu partzialagoan aurkeztu beharko luke.

1 iruzkin:

  1. Guztiontzako mezu berdintsua, oharren batekin.
    Post hau ikusi dut
    Oharra:
    Gustura irakurrita. Eskerrik asko.
    Ohar teknikoa: ez sartu horrenbeste enter/intro, irakurgarritasunaren kontra doa-eta

    ErantzunEzabatu