2014(e)ko urriaren 12(a), igandea

GURE IKASTOLAKO YVETTE

Bakar xoko ostatutik atera eta Yvettekin izan nuen elkarrizketa hurak oilo azalarekin utzi ninduen. Kafe bat eskuan genuela hasi ginen solasean prestatu nituen galderak alde batera utziz. Konfiantza giro bat sortu zen bera eta nere artean eta bururatzen zitzaizkidan galderak pausatzeko lotsarik gabe kalakan jarduten hasi ginen. 

Hendaiako ikastolara joan garen belaunaldi guztiok ezagutu dugun irakaslea da Yvette. Hendaiako ikastolan lehen maila ireki zen unetik hasi zen erakasle gisa 8 ikaslez osaturiko gela batekin erretretara joan zen arte duela bizpahiru urte. Garaian, Seaskako erakasle izateak meritu haundia zuen "ez genekien ikastolak iraunen zuen, fama txarra genuen eta burasoek biziki motibatuak izan behar ziren beren haurra gure eskuetan uzteko". Baliabideak ere oso eskasak ziren "egunean egunekoaz bizi ginen" eta erakasteko materiala etxeetatik ekarri behar zuten. Baina oztopo eta beldur guzti hoiei aurre egiteko prest zeuden erakasleak bazeuden eta hoietariko bat zen Yvette. Beti izan da emakume ausarta eta euskararen alde borrokatu dena. Argi zuen zein zen bere helburua "galtzen ari ginena berreskuratzea"eta hori lortzeko edozer egiteko borrokatuko zen pertsona haietarikoa zen "borroka kultural batean sartuak ginen eta ez gintuen deusek geldiaraziko". Azpimarratu zidan bezala, nahiz eta geroa beltza ikusten zuten euskaraz erakasteko eskubidearen alde borrokan jarraitzen zuten gogotsu "bihotzean pindar haundi bat genuen eta urtero xinaurri lanetan segitzen genuen" .

Miresmen haundia izan diot betidanik Yvetteri belaunaldi askorentzat irakurtzen eta idazten erakutsi digun irakaslea izan da eta bere energia guztia transmititzen lortzen zuen parean gintuen ikasle guztiei. Berarekin jardunean ari nintzela oraindik nabaria zen irakasle gisa sentitzen zuen pasio haundi hura " ikasturte berriak hasi eta urtero ilusio berdinarekin hartzen nuen taldea" . Bere lanean plazer haudia hartzen zuen eta irudimen handiko emakumea zenez aldi oro bazuen zer asmatu eta egin bere ikasleekin "sormenari leku haundia uzten genion, haurrek askatasun gehiago zuten eta emaitzek ez zuten hainbesteko garrantzirik". Gogoan dut oraindik argitxo iratxoa aurkeztu zigun eguna, euskal zale amorratua zen iratxoa eta bera erreferente izanik euskarak zuen garrantzia esplikatzen saiatzen zen. Sukaldaritza saioak ere antolatzen zizkigun ilusio haundiarekin egiten genituenak eta ostiral arratsaldeko esku lan saioak . Azken finean, haurrek praktikatik eta elkarren artean lagunduz ikasten dutela gehien bat azaldu zidan. Izan urte bukaerako agerraldia edo antolatzen ziren ateraldiak, Yvettek beti izan du proiektuetan eta praktikan ziren jardueretan parte hartzeko motibazioa. Izan ere, erakasle izatea ez da bakarrik ikasgela baten barruan ikasle batzuei erakastea, haratago doan zerbait zela aipatu zidan.
Indarrez beteriko erakasle bat izan dut, bere ikasleei urtero urtero maitasun berdina eman diena. Bide luzea egin duen erakaslea da eta egoera gogorrak bizi izan arren momentu onenekin bakarrik geratzea lortzen du. Plazer haundiz eta aberastuta atera naiz izan nuen elkarrizketatik eta Yvette bezalako erakasle on bat izateko nahikeriarekin geratu naiz.

1 iruzkin: