2014(e)ko urriaren 9(a), osteguna

IRAKASLE IZATEAZ … IRAKASLE ON BATI ELKARRIZKETA “Koro Murua”

Niretzako miresgarria izan den irakasle bati elkarrizketa egin behar niola entzutean, segituan bigarren zikloan (hirugarren eta laugarren mailan) izan nuen irakaslea etorri zitzaidan burura ,Koro. Izan ere, pertsona honekin ikasi nuena ez zait inoiz ahaztuko. Beharbada, gehiegikeria hutsa irudituko zaizue, baina emakume honek lehen hezkuntzan landu behar ziren trebetasunaz aparte, gure gizartean oinarrizkoak diren baloreak erakutsi zizkidan. Bizitza honetan ausartak izan behar dugula da horietako bat. Adibide gisa, gogoan dut seigarren mailako eskola kiroletan, neskok ezin genuela futbol zortzian jokatu, eta guk futbolean aritu nahi genuela. Horren aurrean, Kororen laguntzaz eskutitz bat idatzi eta diputaziora bidali genuen. Harrez geroztik, futbol zortzian jokatzeko eskubidea lortu ez ezik, berdintasunerako urrats txiki bat ere eman genuen, eta hamar urteko ume mokoak izanik, eskubide hori lortzeak asko suposatu zuen (eta suposatzen du) niretzat.

Bizipen hori alde batera utzita, esan beharra daukat oso gustura sentitu nintzela berarekin hizketan eta esperientzia honekin irakasle izateari buruz gauza asko ikasi ditudala ere bai. Esate baterako, Korok umeekin bizi izan dituen egoera zail asko azaldu zizkidan; ondoren, horietatik nola atera den azalduz, noski. Hortaz, jaso nuen informazio hori nire etorkizunean baliogarria izango delakoan nago. Ildo beretik, pazientzia hitza behin eta berriro errepikatu zuen eta oso garbi esan zidan irakasle baten lana ez dela bat ere erraza. Bere esanetan, ume guztiak desberdinak dira eta ume bakoitzaren atzean hamaika arazo eta istorio daude. Hortaz, irakasle zein gelakideak elkar ezagutzea oso garrantzitsua da elkarrekin modu apropos batean lan egiteko.

Horrez gain, eman zidan erantzun bat izugarri gustatu zitzaidan. Korori ea zein izan den irakasle gisa bizitako esperientziarik politena galdetzean, bi erantzun eman zizkidan eta horietako bat honako hau izan zen: “Begira Alba, gauzarik polittenetariko bat da egunero egunero nere ikasle ohiak kaletik topatzen dittutenean jasotzen detena”. Hau entzutean, niri ere, egunen batean irakasle izatera heltzen banaiz, horrelako zerbait esan ahal izatea asko gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen.

Argi dago,bada, lan honekin irakasle izatearen ikuspegi zabalagoa jaso dudala. Hain zuzen, nik miresten dudan irakasle honek azaldu zizkidan istorio guztiekin ,ume askok, etxean zein kalean tragedia hutsak bizi izan dituztela ikusi dut, eta hori horrela izanda, ume horiei hezkuntzaz aparte maitasuna ere eman behar zaiela barneratu dut. Beti ere, nire helburua ikasleei ahal dudan zuku guztia ateratzea helburu izanik.

1 iruzkin:

  1. Guztiontzako mezu berdintsua, oharren batekin.
    Post hau ikusi dut.
    Oharra:
    Lortuko ahal duzu!

    Egitekoa
    Ikasitako gauzen zerrenda egin behar duzu, zerrenda hori antolatu behar duzu sailkapen bat eginaz; hori egindakoan, berriro irakurri, agian zerbait gehiago ere bururatuko zaizu-eta.
    Hurrengo astean amaituko dugu horixe lantzen (beraz, ekarri behar duzue taldeko guztiok zuonak).

    Azalpena puntuka:
    Hiru pausu dira:
    1) Egin zerrenda bat ikasi dituzuen gauzekin;
    2) zerrenda horren sailkapena egin
    3) Sailik sail berriro irakurri, ea ideia gehiago badatozkizun.

    ErantzunEzabatu