2014(e)ko urriaren 9(a), osteguna

Joxe Goikoetxea “BIZITZAK HARRAPATUTA NAUKA”


Ez nuen zalantzarik izan niretzat miresgarria izan den irakasle bati elkarrizketa egiteko aukera izan nuenean. Irakasle asko igaro dira nire begien aurretik orain arte, baina dudarik gabe oso gutxi batzuek lortu dute nire atentzioa bereganatzea eta ni ikasgelan gustura egotea, horietako bat da Joxe, Idiazabalgo eskolako irakaslea. Natura eta euskararen bultzatzaile sutsu honek ez zuen ikasgai bakar bat soilik irakasten, baina agian bere ikasgai horietako bat gorputz hezkuntza izateak asko lagundu dit nire aukeraketan, garai haietan eta gaur egun ere kirola egitea oso maitea baitut.

Igande goiz hartan, esan dezaket gozatu egin nuela jada jubilatua den, baina inoiz baino aktiboago jarraitzen duen irakasle zoriontsuari entzuten, bere hitzetan “bizitzak harrapatua nauka Iñigo” eta “bizitza zukutu egin behar da” bezalakoak entzunez liluratuta utzi ninduen. Joxe egunero joaten zen Beasaindik Idiazabala bere txirrinduaren gainean, bere ustez “naturaren zoko-mokoak” egunero ikusteak ez omen du preziorik.

Irakasle onak zer behar duen galdetu nionean, dudarik gabe gakoa ilusioa eta egiten dena gogo handiz egitean dagoela esaten zidan, azkenean ikasleentzat erreferente bat zarelako eta ispilua izango bazina bezala zuk egiten duzun guztian erreparatuko dutelako.

Zaila da bere etxean konfiantza eta laguntasun handiz hartu ninduen irakasle honekin goiz hartan ikasi eta sentitu nituen gauza guztiak idatziz kontatzea. Egia esateko, irakasle izateko gogo handiak jarri zitzaizkidan honelako zoriontasunez hitz egiten zidanak, hainbeste gora bera igaro dituen irakasleak, bere bizitza guztiz positiboa izan dela kontatzen zidanean. Horregatik, hemendik aurrera oso baliagarria egingo zaidala pentsatzen dut irakasle miresgarri honekin elkarrizketa zoragarri hau egin izana.

2 iruzkin:

  1. Guztiontzako mezu berdintsua, oharren batekin.
    Post hau ikusi dut.
    Oharra:
    Zorte oneko zu, Joxe ezagutu izana eta gogoan izatea.

    Egitekoa
    Ikasitako gauzen zerrenda egin behar duzu, zerrenda hori antolatu behar duzu sailkapen bat eginaz; hori egindakoan, berriro irakurri, agian zerbait gehiago ere bururatuko zaizu-eta.
    Hurrengo astean amaituko dugu horixe lantzen (beraz, ekarri behar duzue taldeko guztiok zuonak).

    Azalpena puntuka:
    Hiru pausu dira:
    1) Egin zerrenda bat ikasi dituzuen gauzekin;
    2) zerrenda horren sailkapena egin
    3) Sailik sail berriro irakurri, ea ideia gehiago badatozkizun.

    ErantzunEzabatu